twiiter facebook linkedin youtube instagram spotify

Ramon Saizarbitoriaren alde

Kulturako diputatu naizen heinean, pozaren pozez nago foru gobernuak erabaki duelako urrezko domina ematea, lehendabizikoz, herritar eta nobelagile bikain bati. Dominak ez du kitatzen gure herriak Ramoni eta bere belaunaldiari zor diona, baina gera bedi ahalegina, eta gure nahia etorkizunerako.

Saizarbitoria

Gure memoria kolektiboan oso atzera egin behar dugu, euskara, euskal hizkuntza, urrutitik eta urruntasunez bizi eta ikusten genueneko garaia gogora ekartzeko. Gazteenek oroitzen ez dituzten garaiak dira. Euskara mito ezin askatuzkoa zen, Aitorren hizkuntza zaharra. Munduarekin sortu zen hizkuntza, hasiera hasierakoa. Hizkuntza noblea, hidalgoen ahotan zebilena; hizkuntza garbia, jende garbiarena, garbi bezain baliaezina. Zirudien kondenatuta zegoela, esparru gutxi eta hertsietara mugatuta, etxe ingurura, eta mitoa elikatzera, betiko.

Zorionez, zailtasunak zailtasun, hizkuntza indartsu, moderno eta gazteaz hitz egiten dugu gaur egun. Bazen garaia: antimitoaz ari gara, errealitateaz. Euskara, gaur egun, literatura duen hizkuntza da, lehen mailako autoreak dituena. Mundu osoko hamaika hizkuntzara itzultzen da euskara. Aurrekari historikoak kontuan hartuta, ezin imajina zitekeen. Gainera, munduko gainerako hizkuntzetako literatura eta edukiak jasotzen ditu etenik gabe.

Hori guztia hala da, batez ere ordura arte ia ezezaguna zen marka urbanoaz bustitako ahalegina egin zuten gipuzkoar eta donostiarren lidergoari esker. Ilusio eta kemen gaztetuaz ekin zioten sorkuntza literario, plastiko eta musikalari, azkenean hainbat belaunaldiren bizitza markatu dutelarik. Inkontzienteki ekin zioten gero zoriontsua izan den abenturari. Burugabeki. Kalkulu zorrotz ororen arabera porrot egingo zukeen bideari jarraituz.

Ibilbide horren eta gertakari haien lekuko eta protagonista nagusietako bat da Ramon Saizarbitoria idazle donostiarra, besteak beste literaturaren esparrua betetzea egokitu zitzaion gazte hura. Frantziar nouveau roman delakoko idazleei begira eman zituen lehenengo urratsak, beste batzuk lehen mailako erreferentzia unibertsalekin lerrokatu ziren bezala, eta azkenean, soziologo lanbideaz harago, literaturan jardun zen gogoz. Ez nuke inor nekarazi nahi, eta horregatik ez dut Saizarbitoriaren curriculuma xehe-xehe azalduko, ziur bainago irakurleak ongi ezagutzen duela. Baina gogorarazi nahi nuke bere lana euskarazko literaturaren gailurra dela eta egin duen literatur ibilbidea biziki konprometitutako gizon batena dela: konprometitua literaturarekin, gizartearekin eta gizarteak pairatzen dituen arazoekin, hasi Egunero hasten delako eleberritik, eta oraingoz bere azken lana den Lili eta biok zoragarriraino.

Baina Saizarbitoriak abenduan Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko badu, ez da izango soilik bere literatur merezimenduak sonatuak direlako. Ramon Saizarbitoriari buruz hitz egiterakoan ezinbestekoa da azpimarratzea kulturatik eta begirada argitik Euskadirekin beti izan duen konpromezua. Bizitzea egokitu zaigun herrialdearekin, gerraondokoaren eta diktaduraren infernua bizi behar izan zuten euskaldunen belaunaldiekin, trantsizioa ezagutu zutenekin, ETArekin sufritu zutenekin eta gaur bakearen egunerokotasun soila eta zoragarria ezagutzen ari direnekin.

Herritar horren balioa da azpimarratzekoa, beti etiketen sinplekeriari aurre egin diona, euskaldunak kategoria ideologikoen arabera sailkatuz gero ezeroso irauliko litzatekeena. Nazionalistak edo espainolistak, muga sinbolikoak, Ramonek hainbestetan kontatu dituen giza harremanen zintzotasunak pikutara bidaltzen edo deformatzen dituztenak, karikatura injustuak eginez eta errealitatea murriztuz. Zatiketa hori kaltegarria izan da askotan euskal herritar askorentzat, euren baitan sentitzen baitituzte konpondu gabeko kontraesanak eta emozioak eta aurkako sentimenduak.

Nortasunaren zurrunbilo horri buruzko hausnarketa bikaina eta sakona egin duen Ramon Saizarbitoria omendu behar du Gipuzkoak. Egia da ezin dugula nortasuna alde batera utzi, nortasuna bizitzaren beraren parte delako eta arrazionaltasunaren mesedetan moztea barkaezina litzateke. Baina nortasunak dituen mila ñabarduren jakitun izan gaitezke, batzuetan nahastu eta itogarri bihur daitekeena. Askatasunean eraikitako nortasuna soilik izan daiteke gai aurreiritzien, beldurraren eta estigmatizazioaren kateak eteteko. Ramonek burlaz esan ohi duen bezala “euskaldun” izatearen “nekeaz” ihes egiteko. Eta nik eransten dut, “euskaldun” 24 ordu izatearen nekeaz, eta horregatik, eskatzen ez dituenari ere, azalpenak eman behar izateaz.

Erruaren inguruan eta honek belaunaldi jakin batengan izan dezakeen pisu moralaren inguruan hausnarketa egin duen Ramon Saizarbitoriarekin gelditzen naiz. Errua arazo obsesiboa izan daiteke ondo tratatzen ez bada, eta ihesbideak behar ditu. Ramonena bezalako begiradek balio dute, belaunaldi bat baino gehiago sufriarazi dituen konplexuak askatzeko, herrialde honek bere ohiko paisaian tragedia edukitzen ohituegi baitago eta doluaren prozesua egin behar du. Argi edukita ahaztu ahal izateko ezinbestekoa dela lehendabizi oroitzea.

Gustuko dut Ramon Saizarbitoria neurritsu eta umila, gipuzkoar eta donostiar izpiritua duena, eta gure gizartearen eta honen paradoxen erretratugile handia. Gustuko dut bere izpiritu libre eta heterodoxoa, bere transbertsalitate zintzoa, iruzur artifizialik eta harrokeriarik gabeko maila intelektuala. Gustuko dut idazle dela esatean lotsatzen den idazlearen profila, Kursaaleko zubia bizitzaren metafora gisa zeharkatzen duen literaturgilearena; lubakietan baino gehiago zubietan sinesten duen herritarrarena; eta itsasertzean, hitzen ozeanoan paseatzen duenean, libre eta duin sentiarazten gaituen pertsonarena.

Kulturako diputatu naizen heinean, pozaren pozez nago foru gobernuak erabaki duelako urrezko domina ematea, lehendabizikoz, herritar eta nobelagile bikain bati. Dominak ez du kitatzen gure herriak Ramoni eta bere belaunaldiari zor diona, baina gera bedi ahalegina, eta gure nahia etorkizunerako.

Escrito por Denis Itxaso el 15 de Diciembre de 2016 · Archivado en: Alcalde de Gipuzkoa, Happenings kulturetas
Tags: , , , , ,

Compartir: fb tw goo

Denis Itxaso